XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
SpinozaNehor izan bada nehun eta nehoiz bere gisakorik, Spinoza izan da halakoa, bai jitez bai gogoz.
Ez da, egia erran, deusetarik berech egon: haren ahotik mintzatu dira odol judua eta hamazazpigarren mendea; bainan, odol ala mende, biak bere baithan beretu eta berritu zituen bere jeinu bereziari esker: auzoen eta etxekoen asmu erranak bere askan orhatu zituen bere lemamiaz, emaiten ziotela urthez-urthe gogo hainitzen inharros'teko edo bederen hunkitzeko indar miresgarri bat.
Lehen zathia Nor zer zen ta zer egin duenAita-amak juduak zituen, Portugal'etik berrehun urthe hartan ihes igorri juduen odolekoak, Utrecht-eko batasunak Holandan onhartu hetarik.
Mixel hori hiruretan ezkondu baitzen, bigarren emazteak eman zion aiphu dugun muttikoa.
Aita ez zen aberatsa, bainan hiriko juduek halere buruzagitzat zaukaten.
Juduen hil-herrien artha ere Spinozatarren gain omen zagon.
Ama ttipi-ttipitik galdurikan, Baruk gaixoak ez zuen etxean maina handirik ezagutu.
Artha berezienak ukan zituzten hargatik bai, etxekoek bai eraikitzailek, haren gogoa gain-gainetik argitu beharrez: iduri-eta muttiko hartarik norbait jalgi nahi zutela ondoko urtheri buruz, beren odolaren omenetan.
Hemezortzi urtheak gabe, hebreoari ohart-arazi zuten bai eta hebreozko liburu saindueri, erakuslek nahi baino urrunago ikhertzen ohi bazituen ere; eta bertze gogo batekin.
Errabinen ikasketak ez dira zabal hedatzen; (...).